Orkliri buruz

Lankidetzaren printzipioei jarraikiz bezeroengana bideratutako proiektu iraunkorra da, pertsonak oinarritzat hartzen dituena

Gaurkotasuna

Atzealdea

Orklideako hirugarren edizioko izen emate epea zabalik

ORKLI Koop. Elkarteko Gizarte Kontseiluak sustatzen duen ekimena da Orklidea. Euskal Herri mailan garatzen diren proiektuei zuzenduriko laguntza programa honek III.edizioa izango du aurten eta, aurreko urteetan bezala, 50.000€ banatuko ditu. Irailetik urrira irekiko da proiektuak jasotzeko epea.

2026-09-21


Elkarlanean sortutako ekinbideak, ilusioaren hazitik ernaldutako ideiak, kideen babesarekin goxatutako proiektuak… guztiak hartzen ditu bere gain Orklidea ekimenak.  Bidea lagunduta errazagoa denez, Ordizian kokatuta dagoen Orkli Koop. Elkarteak eskua luzatu nahi die finantziazioa behar duten Euskal Herriko elkarte desberdinen proiektuei. Oinarriak eta informazioa www.orkli.com/eu/ekintza-soziala webgunean izango dituzue eskuragarri. Bertan zehazten den bezala, proiektuak jasotzeko azken eguna Urriaren 10a izango da.

Laguntza programa hau irailean jarriko da martxan eta helburua Euskal Herrian sor daitezkeen amets desberdinak aurrera eramatea izango du. Bi kategoriatan bereiziko dira proiektuak, beraien tamainaren arabera. Honela, lehen kategorian 35.000€-ko laguntza izango da proiektu irabazleari emango zaiona eta bigarren kategorian berriz 15.000€ jasoko ditu irabazleak. Iazko irabazleak Gautenaren “Gure gunea” eta Iñurri elkartearen “Iñurrien hitzak iñurritegian” proiektuak izan ziren. 

Orkli Koop. Elkarteko kolektiboa izango da proiektuak zuzenean ezagutu ondoren erabakia hartuko duena. Dena den, haratago joan nahiko genuke eta proiektuaren parte izateko pausoa ematen saiatu. Neurri batean baina gehiagotan kide izan nahi dugulako. Bidelagun. Elkarrekin. Bidea. Idea. Kidea. Orklidea.