Ekintza soziala
Komunitatea eta ingurunearekiko konpromisoa
Orkliren ezaugarri bereizgarrietako bat bere izaera soziala dugu; gizartearekin eta ingurunearekin duen konpromezua dugu horren lekuko. Esaterako, urtero, Goierriko eskualdeko hainbat interes sozialeko erakundeen finantzaketan parte hartzen dugu.
Muga geografikoak gaindituz Orklidea laguntza lerro berri bat sortu dugu.
Zer da Orklidea?
Elkarlanean sortutako ekinbideak, ilusioaren hazitik ernaldutako ideiak, kideen babesarekin goxatutako proiektuak… proiektu guzti horiek laguntzeko ekimena da Orklidea. Euskal Herri mailan garatuko diren proiektuei zuzenduriko laguntza lerro honek 50.000€ banatuko ditu aurkezten diren bi proiektu onenen artean.
Orklidea 2025
Ekimenaren xedea
Orklidea ekimenaren bidez, komunitatetik sortutako ekimenak lagundu eta beraiekin lankidetzan aritu nahi dugu, euskal gizartearen eraldatze prozesuaren parte izanez. Ekimen hauek Garapen Iraunkorrerako Helburuekin bat egiteaz gain, Orkliko lan-ildoekin ere bat egiten dutela azpimarratu nahi dugu.
Diru-baliabideak
Ekimen hau Orkli Koop. Elkarteko IPDK heziketa eta kooperatiba sustapenerako zein interes publikoko beste helburu batzuetarako fondoetatik finantzatzen da. Konkretuki, Orklin historikoki landu izan dugun Kanpo IPDK lerroaren zabaltze ariketa bat suposatzen du, gaur arteko elkarteen ekimen globalak finantzatzeko lerroari proiektu espezifiko eta esanguratsuak finantzatzeko aukera gehituz. Orklik proiektu hauek gauzatzeko protagonismo berezia hartuko du, gure eragin esparrua bailaratik kanpo ere kokatuz.
Entitate onuradunak
Euskal Herriaren garapena bultzatzen duten proiektuak lantzen dituzten erakundeak izango dira ekimen honen onuradunak. Halaber, kontuan hartuko dira proiektuaren inpaktua Euskal Herritik kanporakoa izan arren Euskal Herrian antolatu eta garatzen diren dinamikak.
Onuradun izateko betekizunak:
- Irabazi asmorik gabeko elkarte batek garatutako proiektua izatea aurkeztuko dena.
- Jasotako dirua Euskal Herrian garatuko den proiektu batean erabiltzea.
- Proiektu izaera duen proposamena aurkeztea, elkartea beraren urteko jarduna ez da diruz lagundua izango.
Proiektuek izan beharreko ezaugarriak
Proiektua definitzeko aurkeztutako txostenean, lan ildo horietako bakoitzean elkarteak / proiektuak landutakoa azaldu beharko da argi eta garbi, lan ildo horri dagozkion puntuak lor daitezen.
- Berrikuntza
- Orkliko pertsonen inplikazioa
- Irismena
- Elkarlana eta interkooperazioa
- Belaunaldi arteko transmisioa
- Komunikazioa-erabilera Euskara
- Zaintza
- Pertsonen arteko aukera berdintasuna
- Euskara
- Hezkuntza / Balioetan heztea
- Kultura Kirola
- Ingurumena
Erakunde bakoitzak gehienez ere proiektu bat aurkeztuko du kategoria bakoitzera. Urtero aurkezteko aukera izango dute bai erakundeak eta baita proiektuak ere, beti ere, azken horiek bilakaeraren bat izan badute diru-ekarpena azkenengoz jaso zutenetik.
Proiektu izaera denbora mugek ematen diote ekimenari. Dirulaguntza hauek ez dira taldeei bideratuko, denbora muga konkretu bat duten ekimen edo proiektuetara baizik.
Diru lagundu daitezkeen gastuak
Ondokoak dira kontuan hartuko diren gastuak eta mugak:
- Gehienez, proiektuaren aurrekontu osoaren %80a finantziatuko da.
- Proiektuarekin zuzenean loturarik ez duten gastuak ez dira onartuko.
Dirulaguntzen zenbatekoa
Bi kategoria banatu ditugu diru-ekarpenak egiteko:
- A Kategorian 35.000€ banatuko ditugu
- B Kategorian 15.000€ banatuko ditugu
Beste laguntza batzuekiko batera garritasuna
Proiektuaren finantzaketan Orklideako dirulaguntza bateragarria izango da beste dirulaguntza publiko eta pribatuekin batera, baina bete beharreko baldintza Orklik dirulaguntza emaileen artean gehiengoa izatea izango da.
Deialdia
Ekimen honetako dirulaguntzak jarraian arautzen den prozeduraren arabera emango dira. Deialdiaren oinarriak maiatzean jakinarazi zaizkie Orkli Koop. Elkarteko kideei, eta ekainean, webgunean argitaratuko dira (https://www.orkli.com/eu/ekintza-soziala), deialdia publiko eginez. Ekainean irekiko da proiektuak aurkezteko epea.
Proiektuak aurkeztea
Proiektuak aurkezteko jarraitu beharreko urratsak:
- Proiektuak aurkezteko azken eguna 2025ko uztailaren 23a izango da.
Proiektuak aurkeztu ahal izateko orklidea@orkli.es email-era interesa adieraziz mezu bat bidali beharko da. Mezu horri erantzunez eskaera burutzeko erabiliko den formulariora sarrera eduki ahal izateko gidalerroak emango dituen mezua jasoko du interesa erakutsi duen elkarteak.
Formularioan aurkeztu beharreko informazioa:
- Erakundearen datuak: Izena, identifikazio fiskala, harremanetan jartzeko pertsonaren izen-abizenak, NAN, helbidea…
- Eskaera TXOSTENA. Ondorengo atalak zehaztu beharko dira:
- Proiektuaren deskribapena.
Orkliren IPDK funtsen oinarrian dauden lan ildoekin duten lotura ahalik eta era zehatzenean azaltzeari garrantzi berezia emango zaio. - Xedea.
- Proiektuaren denbora plana.
- Antolaketan parte hartzen duten pertsona kopurua eta horietatik Orkliko bazkide direnen izen-abizenak. Boluntariotza ereduaren garapena.
- Ekimenaren onuradunak zeintzuk diren.
- Aurrekontua eta finantzazio plana. Derrigorrezkoa izango da aipatzea proiektu bera beste dirulaguntza deialdiren batera aurkeztu ote den.
- Erakundeak garatutako beste proiektuen erreferentziak eta lortutako emaitzak (AUKERAZKOA).
- Erakundeak indarrean dituen lankidetzak eta kolaborazioak (AUKERAZKOA).
- Erakundeak jaso dituen sariak edo aitortzak (AUKERAZKOA)
- Proiektuaren deskribapena.
Honez gain, txostenaren bertsio laburra ere aurkeztu beharko da. Bertsio laburtu horren egitura eskatzaileei helaraziko zaie behin izen-ematea gauzatzen denean.
Eskaera prozesua euskaraz garatuko da eta dokumentazio guztiak ere euskaraz egon beharko du. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako legea bigarrenez aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legean xedatutakoari jarraituz, ez du hizkera sexistarik erabiliko eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, ez du erabilera estereotipaturik egingo.
Laguntza-eskabideak zuzentzea:
Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, 10 eguneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota, hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da.
Proiektuaren aukeraketa
Balorazio irizpideak
Proiektu bakoitza Orkli Koop. Elkartearen IPDK Funtsentzat definitutako lan ildoen arabera baloratuko da.
- Berrikuntza
- Orkliko pertsonen inplikazioa
- Irismena
- Elkarlana eta interkooperazioa
- Belaunaldi arteko transmisioa
- Komunikazioa-erabilera Euskara
- Zaintza
- Pertsonen arteko aukera berdintasuna
- Euskara
- Hezkuntza / Balioetan heztea
- Kultura Kirola
- Ingurumena
Epaimahaia
Aurkezten diren proiektu guztien artean Orkli Koop. Elkarteko Gizarte Eraldatzaile Batzordeak (aurrerantzean GEB) egingo du lehen aukeraketa. Aukeraketa hori egiteko irizpideak aurreko puntuan zehaztutakoak izango dira. Kontuan izan behar da, txostenean aipatzen ez diren puntuak ez direla baloratuak izango. Aukeraketa honetan kategoria bakoitzerako 3 proiektu aukeratuko dira, gehienez.
Orkli Koop. Elkarteko GEBk aukeratutako proiektuak https://www.orkli.com/eu/ekintza-soziala webgunean argitaratuko dira eta kooperatibako kide guztiek izango dute kategoria bakoitzean proiektu irabazlea zehaztuko duen azken aukeraketan parte hartzeko aukera.
Erakunde onuradunak aurkezturiko dokumentazioaren datuak egiazkoak direla frogatzeko, beharrezkotzat jotzen den dokumentazio eta informazio osagarri guztia eskatu ahal izango da.
Herrigintza deialdiarekin koordinaketa
Proiektu bat Herrigintza (Fagor Taldea) deialdiko irabazle izan bada, ezingo du Orklidea (Orkli) ekimeneko irabazle izan urte berean. Gipuzkoako bi kooperatiba izanik, dirulaguntzen banaketa zabalago bat bermatu nahi dugu honekin.
Horretarako, Fagor Taldearekin koordinatuta joango gara prozesuan zehar.
Ebazpena eta jakinarazteko modua.
Behin erabakia hartuta GEBk prozedura amaitzen duen ebazpena egingo du. Ebazpena webgunean (https://www.orkli.com/eu/ekintza-soziala) publikatuko da, beranduenera azaroaren 30erako.
Dirulaguntzak ordaintzea
Ekimen honetako dirulaguntzak jarraian arautzen den prozeduraren arabera emango dira. Deialdiaren oinarriak maiatzean jakinarazi zaizkie Orkli Koop. Elkarteko kideei, eta ekainean, webgunean argitaratu dira, deialdia publiko eginez. Ekainean ireki da proiektuak aurkezteko epea
Onuradunaren betebeharrak
Epea betetzea
Dirulaguntza jasoko duten proiektuak aukeratzen direnean eta erakunde onuradunei horren berri ematen zaienean hasiko da ordainketa prozesua. Horretarako, erakunde onuradunek berretsi egin beharko dute dirulaguntza jasotzeko beraien interesa. Erakunde onuradunak dirulaguntza esleitu izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta hamabost eguneko epean, dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat hartuko da. Ordainketa transferentzia bidez egingo da erakundearen izenean dagoen kontu korrontean
Emandako dirulaguntza onartzea
Proiektuaren aurkezpen dokumentuetan adierazitako exekuzio data amaitu eta gero, erakunde onuradunak memoria bat aurkeztu beharko du proiektuaren helburuen betetze maila eta gastuen justifikazioa egiteko
- Epea betetzea
Laguntza zein urtetarako eman den zehaztuta, urte horiexetan egin beharko dira inbertsioak eta gastuak edo aurreikusitako gastu-konpromezuak. - Emandako dirulaguntza onartzea
Dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasi eta 15 eguneko epean, erakunde onuradunak dirulaguntzari esanbidez uko egiten ez badio, dirulaguntza onartutzat hartuko da. - Jardueraren aldaketak jakinaraztea
Dirulaguntza onartua izan den jarduerarako, eta ez beste ezertarako, erabiltzea ezinbestekoa izango da. Orkli Koop. Elkartearekin hala adostera iritsiz gero, posible izango da aldaketaren bat onartzea behar bezala justifikatuta. - Argitaratzen diren euskarrietan Orkli Koop. Elkartearen aipamena
Publikoki zabaltzeko sortzen diren dokumentazioetan, karteletan, propagandan, edo argitalpenetan, Orkli Koop. Elkartearen logotipoa eta «Orkli Koop. Elkarteak diruz lagundua» esaldiek azaldu beharko dute. Erakunde onuradunek euskara erabili beharko dute nahitaez diruz lagundutako jarduerak argitaratzean, iragartzean eta horiei buruzko publizitatea egitean
Ez-betetzeak eta dirulaguntzak bueltatzea
Justifikatutako arrazoirik gabe dirulaguntzaren eskaeran adierazitako helburuak beteko ez balira, gastuak ez balira egiaztatuko edo oinarri hauetan ezarritako baldintzaren bat beteko ez balitz, Orkli Koop. Elkarteak dirulaguntza bueltatzea eska dezake. Puntu honetan aurreikusitako ondorioetarako, ez-betetzetzat hartuko dira honako egoera hauek:
- Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko epeak gainditzea, betiere Orkli Koop. Elkarteak emandako luzapen edo aldaketa baimenik izan ezean.
- Proiektuan izandako gastuak onetsitako aurrekontuko zenbatekoaren %75aren azpitik geratzea ez-betetzeko arrazoia izan daiteke eta honek dirulaguntza galtzea eta aurrez jasotako kopuruak itzuli beharra ekar dezake, betiere erakundeak ez badu desbideratze hori Orkli Koop. Elkartearen aurrean behar bezala justifikatu.
- Proiektua beste zerbaitetara desbideratzea edo oinarri hauetan ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuko da eta dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da. Kasu horretan, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbatekoa benetan eta behar bezala justifikatuta, eman den dirulaguntzaren zenbatekoa izango da, Orkli Koop. Elkarteak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.
Itzulketa egin behar bada honako hauek jakinaraziko zaizkio onuradunari: Itzulketa-prozeduraren hasiera, bete ez diren betebeharrak eta aldatutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Prozeduraren ebazpenak dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzultzea erabakiko du. Itzulketa egiteko modua ere jakinaraziko zaio onuradunari. Itzulketa-espedientea hastea eta ebaztea –itzulketa osoa edo partziala izan– GEBri dagokio.
Irudiak erabiltzeko baimena
Diru-ekarpena jasotzen duten erakundeak ordezkatzen dituzten pertsonei beren irudia eta izena erabiltzeko baimena idatziz eskatuko zaie, ORKLI KOOP. ELKARTEKO politiken arabera, argazkiak atera aurretik.
Datu pertsonalen tratamentua
Parte-hartzaileek emandako datu pertsonalak ORKLI Koop. Elkarteak tratatuko ditu, tratamenduaren arduradun den aldetik, Orklidea lankidetza programako parte-hartzea kudeatzeko. Konkretuki, proiektuan parte-hartzeko eskaerak kudeatzeko eta proiektua hautatua izatekotan harremanetan jartzeko erabiliko ditugu zure datuak. Datu pertsonalak bi aldeen artean dagoen harreman juridikoaren arabera tratatuko dira, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikuluarekin bat eginez. Datu pertsonal horiek legezko betebeharrak betetzeko jakinarazpen hori egin behar zaien entitate edo erakunde publikoei soilik jakinaraziko zaizkie eta ez da nazioarteko transferentziarik egingo. Programa behar bezala kudeatzeko, hau da, onuradunak hautatu eta diru-ordainketa egiteko behar-beharrezkoa den denboran soilik gordeko dira datu pertsonalak, eta, behar izango balitz, datuen tratamendutik eta honen helburuetatik erator litezkeen erantzukizun posibleen preskripzio epeetan zehar. Kasu guztietan, parte-hartzaileek eskubidea dute beren datu pertsonaletarako sarbidea izateko, datuak zuzentzeko, ezeztatzeko, tratamendua mugatzeko, datuak transferitzeko, tratamenduari aurka egiteko edo baimena atzera botatzeko lopd@orkli.es helbide elektronikora edota Zaldibibidea z/g, 20240 Ordizia (Gipuzkoa) posta-helbidera eskaera bat bidaliz. Eskubide hauek behar bezala gauzatu ez direla uste bada, Datuen Babeserako Espainiako Agentziaren aurrean erreklamazio bat aurkeztu ahal izango da.
Dirulaguntzak emateko derrigortasunik eza
Orkli Koop. Elkarteak dirulaguntzak eman gabe uzteko eskumena izango du baldin eta aurkeztutako proiektuek ez badute 40 puntuko langa pasatzen.
Orklidea 2024
Oklidea sarien lehenengo edizioak baditu irabazleak. Horbel eta Pausoka elkarteen eskutik Saharako haurrei eta komunikazio arazoak dituzten haurrei laguntzeko izango dira ORKLIDEA ekimenak banatuko dituen lehen 50.000€ak.
Zalantzarik?
Jarri gurekin harremanetan orklidea@orkli.eshelbide elektronikoan.
Puntako enpresa izaten jarraitzeko ezinbestekoa da Orkli osatzen dugun pertsona guztiok bikaintasuna bilatzea eta ingurunearekin konprometituta egotea